Larrazkueta Bitoriano Ibilbidea
Ibilbide honek, Zuia eta Urkabustaizko udalerrien arteko lotura suposatzen du, bi udalerrietako herrigune nagusiak lotzen dituen alternatiba osatuz. Orain arte, nahiz eta bide laburra izan, kotxearen erabilera ia sahiestezina izan da. Zentzu honetan, proiektuaren helburu nagusietako bat, gaur egungo mugikortasun eredua aldatzeko pausoak ematea da, joan-etorrietarako ibilaldiak edo bizikletaren erabilera uztartuz. Honez gain, herritarren artean bizimodu aktibo eta osasuntsua bultzatu nahi da, jokaera sedentarioak baztertuz. Ibilbide honen egokitze-lan eta seinaleztapenaren bidez, bertako ondare natural, historiko eta kulturala ezagutzera eman nahi dugu, garapen jasangarrian oinarrituz eta naturarekin bat egiteko aukera ematen duen kirol mota ezberdinak bultzatuz.
Gutxi gora-beherako luzera: 8 km
Desnibela: Bere desnibela gutxi gorabehera 175m-koa da.
Ibilaldiaren gutxi gora-beherako iraupena:
Joan Oinez 2h 20´ (bizikletaz 1h 10´)
Etorri Oinez 2h 20´ (bizikletaz 1h 10´)
Zailtasun maila:
Oinez: Ertaina, luzeragatik. Bereziki arreta jarri Gillernako herrian, errepidetik doan bidea hartzen badugu, ibilgailu motordunak ibiltzen direlako.
Bizikletaz: Ibilbide osoa bizikletaz egin daiteke. Gillerna eta Larrazkueta artean dagoen basogunea zeharkatzean, bi tarte zail samar suertatu daitezke, desnibelagatik.
Ibilaldia egiteko garai egokia: Ibilbide atsegin honetaz urteko edozein sasoian gozatu daiteke.
Ibilbidea bi zentzutan egin daiteke, bai Larrazkuetatik abiatuta eta baita Bitorianotik hasita. Larrazkuetatik hasita (herriko plazan kokatutako panela abiapuntutzat hartuta), autopista zeharkatzen duen zubitik pasatu beharko dugu. Zubia pasa ondoren, ezkerrera doan lehenengo bide edo pista hartuko dugu, autopistarekin paralelo doana. Gune honetan, Urkabustaiz Irla Hariztien presentzia nabarmentzen da. Babesgune hau, 2015.urtetik Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu bezala izendatuta dago. Autopista babesgune honen mehatxurik aipagarriena dela esan daiteke, habitataren fragmentazioa eragiten baitu. Horregatik, bereziki garrantzitsua da basogune natural hauen kontserbazioa, habitat ezberdinen lotura ahalbidetzen dutelako.
Urkabustaizko Irla Hariztiak KBEa, biodibertsitatearen ikuspuntutik bereziki baliotsua den gunea da, bertan animali eta landare espezie basatien presentzia baitago. Hauek, europa mailan eta EAEn, biodibertsitatea babesteko intereseko elementu bezala aukeratu dira.
Hasiera Larrazkueta Bitoriano Ibilbidea
Urkabustaizko Irla Hariztiak
Babestutako eremu honetan, baina autopistaren beste aldean, “Godamo Mendia” aurki dezakegu. Mendi txiki bat da, eta bertan haritz kanduduna (Quercus robur) nabarmentzen da, larre eta landazabalen artean. Baso-igel jauzkaria (Rana dalmantina) eta baso-igel iberiarra (Rana iberica) bezalako anfibio espezieak ere bereziki aipagarria dira. Baso hegaztiak ere azpimarragarriak dira, Okil txikia (Dendrocopos minor), Okil handia (Dendrocopos major) edo mokoldia (Coccothraustes coccothraustes), bestek beste.
Pista honen amaierara heltzerakoan, Zuia eta Urkabustaizko udalerriak lotzen dituen basogunean sartuko gara. Hemen, natur baliabideengatik ibilbidearen zatirik erakargarriena topatuko dugu, harizti eta pagadiek ibilbidea ingurune natural batean barrena doan paseo atsegina bilakatzen baitute.
Seinaleztatutako bidea jarraituz, abereentzako pasabide batzuk zeharkatu ondoren, Gillernara helduko gara. Hemen, bidea bitan banatzen da, erabiltzaileari bi aukera eskainiz: lehenengoa Gillernako behealdetik igarotzen dena, herrian bertan sartu gabe, eta bigarrena errepide bazterretik igaro behar duguna metro gutxi batzuetan, herritik atera arte.
Gillernatik, bidea Bitorianoraino doa, pista bera jarraituz, eta larre eta landaketa partikularren ondotik igaroz. Bitorianon barneratu baino lehen, Zubiegi zubiaren presentzia nabarmentzen da, Baia ibaia zeharkatzen duena eta Natura 2000 Sareko babesgune bezala izendatu berri dutena. Baia ibaia eta bere moteltze-gunea Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu bezala izendatuta dago 2015.urtetik.
Zubia zeharkatu ondoren, Bitorianon sartuko gara. Bertan seinaliztatutako bidea jarraituz, metro gutxi batzuk egingo ditugu ibilbidearen amaiera puntura heldu arte. Puntu honetan, informazio-panel bat topatuko dugu, eta Bitorianoko antzinako harraska nabarmentzen da, Bakulumendi izenaz ezaguna dena. Hemendik, Murgiaraino jarraitzeko aukera dago, errepide bazterretik jarraituz 1,5 km-ra, gutxi gorabehera.
Zubiegi zubia Baia ibaian
Ibilbidea igarotzen den lekuak
LARRAZKUETA
Urkabustaizko udalerrian dagoen herria da, Izarratik Km 1era, eta 20 biztanleko populazio txikiarekin. Done Bikendi (San Bizente) eliza nabarmentzen da, gaur egun herriko zentro soziala dena.
GILLERNA
Zuiako udalerrian dagoen herria da, eta 50 bat biztanleko populazio egonkorra du. Landa izaera nabarmentzen da, eta Done Jakue (Santiago) Apostoluaren parrokia-eliza, erromanikoaren eta gotikoaren arteko trantsizio- estilokoa, eta edertasun handikoa.
URKABUSTAIZKO IRLA HARIZTIAK KBE
Natura 2000 sareko babestutako eremua da, eta 2015. urtean KBE (Kontserbazio Bereziki Eremua) bezala izendatu da. Biodibertsitate ikuspuntutik bereziki baliotsua den eremua da, europa mailan eta EAEn kontserbaziorako elementu aipagarriak batzen dituelarik; flora eta fauna espezie basatiak edota habitat bereziak, besteak beste.
BAIA IBAIA
Baia ibaia Gorbeia mendiaren hegoaldean jaiotzen da, eta Zuiako eskualdea zeharkatu ondoren, Ebro ibaian isurtzen ditu urak. Ekosistema ezberdinen arteko konektibitate funtzio inportantea betetzen du, fauna eta flora espezie askorentzat ezinbestekoa izanik. 2015eko martxotik, Baia ibaia, Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) bezela izendatu dute.
ZUBIEGI ZUBIA
1869an eraikia izan zen, eta Baia ibaia zeharkatzen du. Gaur egun, Zuiako ondare historiko eta arkitektonikoaren elementua da, Zuiako udal arautegiak babestuta.
BITORIANO
Bitoriano 250 biztanle inguruko herria da eta Gorbeia mendigunearen hegoaldean dago, Oroko Andra Mariaren hegalean. Azpimarratu behar da duela gutxira arte lignito-hobi bat zegoela, XX. mendiaren erdialdera arte ustiatu zutena. Horrez gain, goikaldean kokatutako parrokia-eliza nabarmentzen da. lignito-hobi bat zegoela, XX. mendiaren erdialdera arte ustiatu zutena. Horrez gain, goikaldean kokatutako parrokia-eliza nabarmentzen da.