GIBILLOKO OTSOTOKIA
Eraikuntza berezia dugu bi harresi handik (300 m.tik gorakoak) osatzen duten hau. Harresi bi hauek antzina otsoa hiltzeko erabiltzen zen sakonune batean elkartzen dira. Berau Arangatxa mendipean dagoen pagadi eder batean dago kokatua.
Kuartangoko udalerriaren barruan dago, Urkabustaizko udalerriarekiko mugan bertantxe, baina mendeetan zehar bere erabilera aipatutako bi udalerriko herriei dagokie. Udalerri hauek komunean ustiatu eta administratzen dituzte Gibilloko mendilerro eder honetako larre eta basoak.
Otsotokira (oinez zein bizikletaz) Abeziatik edota Untzatik joan daiteke 10 bat kilometroko bidea eginez, bertatik joateak interes botaniko, faunistiko eta geologiko handiko inguruneez gozatzea dakarkigularik.
GOIURI-ONDONAKO URJAUZIA
Jaundia/Altube ibaitik doan haran zabal eta hostotsua dugu berau. Ibai honen sorlekuan bertan dago Goiuri-Ondonako urjauzia, 100 m.tik gorakoa, eta bertatik ikuspegi ederrez goza daiteke Altubeko pagadirantza edota Gorbeiako mendigunerantza begiratuz gero (toki honetan begiraleku bat dago eraikia).Guztira 1.400 hektarea inguru ditu, pagoz eta haritzez beteak, eta berak orain arte izan duen zainketa eta kontserbazio maila aitortuz-edo, Parke Natural delako figuraren pean babestua izateko merezimendua jaso du.
Goiuri-Ondonan eta alboko herrietan (Untza, Uzkiano, Oiardo eta abarretan) inguru horretako baserri arkitekturan egindako betiko baserri zoragarri zenbait ikusteko aukera dugu. Herri hauetako elizak ere merezi dute bisitatxo bat egitea, lurralde honetako erromanikoaren adierazpen ederrak ikusteko parada eskaintzen baitigute, batik bat, lehiateetan eta atarietan ikus daitezkeelarik. Goiuri-Ondonatik paseo ederra dugu Oiardo herriraino, hain zuzen ere, Goikoama baseliza dagoen tokiraino. Bertan XVI. mendeko pinturak eta XVI.mendeko taila mariana eder bat daude. Bertako erromeria irailaren 8an ospatzen da.
Goiuri-Ondonako herrian bertan, edo Inoson (Altubeko haranean) eskuz egindako gaztak edo bertako betiko gozoak izaten dira salgai.
IBAIZABALGO URJAUZIA
Urjauzi ikusgarria, 300 m.tik gorakoa, Gibillo mendilerroan dagoena. Ibaizabal ibaiaren sorlekua da berau, eta Kuartango eta Urkabustaiz (Araba) eta Berberana (Burgos) udalerrien artean dago kokatua. Azken udalerri honetan Santiago mendiaren begiralekua dago, Gaztela-Leongo Juntak babestutako espazio naturala dena.
Oinez bertara joan nahi duenak Izarratik eta Abeziatik doazen bidezidorrak hartzea du onena, eta, bereziki, Untzatik doana. Ibilbide laburreko (6-8 kilometro) bidezidor honek ikuspegi ezin ederragoak ikusteko aukera eskaintzen digu; Estuñagan/Alto de Corral (Lizarra), Abezia/Alto de Ganbaza (Abezia) eta abar.
Estuñagan/Alto de Corral Urkabustaizko mendirik bisitatuenetako bat da. Izarratik irteten da bertara doan bidea. Oso ondo markaturik dago eta 2,5 km.ko luzera du. Tontor gainetik, oskarbi dagoen egunetan, garbi-garbi ikusten dira, Gorbeiako mendigunea eta Zuiako harana Ekialdean; Kuartangoko harana eta Gibillo, Arkamo, Badaia eta Arratoko mendilerroak Hegoaldean; Urduñako haitzak eta Gorobel Mendebaldean; eta Bizkaiko mendiak eta, urrutian, Ganekogorta Iparraldean.
GORBEIAKO PARKE NATURALA
Gorbeiako parke naturala, Bizkaiko eta Arabako eskualde historikoen artean aurkitzen da, 1.482m-ko Gorbeia mendiaren inguruan. Bere gailurrean, 18 metroko altuera duen Gorbeiako Gurutze ospetsua ikus daiteke.
Bere azaleraren % 70a pagadiak, hariztiak eta pinudiak dira. Txabola eta korta ugari aurki ditzakegu Gorbeiako larreetan, artzain tradizio garrantzitsu baten erreflexu giza, landa-arkitektura tipikoa duten burdinolak edo baserriak ere aurkituko ditugu.
GORBEIA EUSKAL MITOLOGIAREN ISTORIO ASKOREN ESZENATOKIA DA, LAMIAK, SORGINAK EDO GENTILAK PROTAGONISTA IZANIK.
Informazio gehiago: www.gorbeiaeuskadi.com