Urkabustaizko Udalak hala eskatuta, Soziolinguistika Klusterrak 2016ko urrian neurtu zuen euskarak Izarrako kaleetan duen presentzia. 20 orduko neurketaren emaitzekin, txostena interesa duen edonorentzat dago eskuragarri.
Soziolinguistika Klusterrak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, bost urtean behin egiten du, Euskal Herri osoan, euskararen kale-erabileraren neurketa. Neurketa sistema honek badu jada 25 urteko ibilbidea. Hala ere, 2016ko urrian egin da lehenengo aldiz Urkabustaizen.
Neurketa egiteko erabiltzen den teknika “behaketa zuzenarena” da. Hau da: neurtzaileek, ezertxo ere galdetu gabe, herriko kaleetan zehar topatzen duten jendeak darabilen hizkuntza jasotzen da. Horrela, neurketak modu zuzenean jasotzen du behaketa egiten den kaleetan euskarak duen presentzia.
Esan bezala, neurketa joan den urrian egin zen, Izarrako kaleetan (laginik adierazgarriena, hau da, jende kopuru handiena, bertan behatu ahal izaten delako). Bi astegunetan eta bi asteburutan jaso ziren datuak, goizez eta arratsaldez. Guztira, 821 elkarrizketa behatu ziren, eta 2.547 herritarrek osatu dute lagina.
Neurketaren emaitza orokorra honakoa da: behatutako hiztun kopuru osotik, %17,8k erabili zuen euskara. %78,4k erabili zuten gaztelania, eta %3,4k euskara eta gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat.
Adinaren arabera, umeak (2-14 urte) izan ziren euskara gehien erabili zutenak (%24,4). Ondoren, helduak (25-60 urte, %18,2), eta, azkenik, gazteak (14-25 urte artekoak, %17,3) eta adinekoak (60 urtetik gora, %1,2).
Txostena, jasotako emaitza guztiekin, hemen klik eginda kontsultatu dezakezu.