Izarra
“BLACK IS BELTZA” Fermín Muguruza. ( 87′)
1965eko urrian gaude. New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso du Iruñeko San Ferminetako erraldoien konpartsak. Ezingo dute, ordea, denek desfilatu: arrazagatiko bereizkeria dela kausa, agintari ipar-amerikarrek debekatu egin dute erraldoi beltzen parte-hartzea.
Benetako gertaera horretatik abiatuta, Muguruzak, Canok eta Alderetek Manex Unanueren historia asmatu dute: erraldoi beltz horietako bat garraiatzeko ardura zuen fikziozko pertsonaia. Bere kideek agintarien erabakiari men egin izana deitoratuz, etxera ez itzultzea erabakiko du Manexek. Gazte honen begietatik izango dugu 1960ko hamarkadaren erdialdean gizartea errotik astindu zuten gertaeren berri: Malcolm X-ren hilketak eragindako kale gatazkak, Warholen faktoriako atmosfera bizarroa, Black Pantherrek Kubako zerbitzu sekretuekin harilkatutako harremana edo hippyen hastapenak, lehen musika jaialdi erraldoietako giro psikodelikoan. Gerra Hotzaren oihartzuna ere agerikoa izango da, alde bietako espioien artean zeuden interes eta katramila ezkutuak tarteko.