Hamar urte baino gehiago dira Gorbeialdeko mintzalagun programa martxan jarri zela. urte hauetan zehar, udalerri guztietan ezagutu ditugu mingaina astintzeko prest dauden taldetxoak. Horixe baita mintzalaguna: egunerokoan euskaraz aritzeko aukera gutxi izan, eta, dinamizatzaile batek lagunduta, astean behin elkartzea, euskaraz hitz egiteko.
2021-2022 ikasturtera begira, erronka berri bat du mahai gainean Gorbeialdeko Mintzalagunak: GURASOLAGUN taldeak sortu eta martxan jartzea. Zer diren? Hona hemen: Gurasolagun taldeak, gurasoen artean, euskara praktikatzeko taldeak dira. Helburua da guraso euskaldun berri eta euskaldun zaharren artean euskarazko mintzapraktika saioak aurrera eramatea. Izan ere, aukera ederra da, umeen bueltan, euskarari hautsa kendu eta praktikara eramateko…
Interesa duenak, datorren ikasturtearen hasieran (irailean-urrian) izango du izena emateko aukera. Hala ere, ez da hainbeste itxaron beharko gurasolagun programaren berri zehatz-mehatz izateko. Mintzalagunaren arduradunek (Gorbeialdeko Kuadrillak eta Euskaltzaleon Topaguneak, Urkabustaizko Udalaren laguntzarekin) ekitaldi bat antolatu dugu Izarran (Urkabustaiz), datorren ekainaren 10ean, 18:00etan. Gurasolagun taldeak zer diren ezagutu ahal izango dugu bertan, gonbidatu berezi baten laguntzarekin: Porrotx izango dugu gurekin, eta berak kontatuko digu talde horien berri. Anima zaitezte!
OHARRA: ekitaldia plazan izango da, eremu itxi batean. Ez da sarrerarik hartu beharrik egongo, baina edukiera mugatua izango da. Bertan, indarrean dauden osasun neurriak errespetatu beharko dira.