Udalak Urkabustaizko I. Pintxo lehiaketa antolatu du, abenduaren 22an Udaletxeko plazan ospatuko dena.

Lehiaketaren helburua da tokiko merkataritza sustatzea, eta bizilagunak zein bisitariak erakartzea, udalerriko bizitza kultural eta giroa aberasteko.

Parte hartu ahal izango dute udalerrian ostalaritza establezimendua duten edozein lagunek; eta parte hartzaile bakoitzak 100 euroko dieta jasoko du pintxoaren lanketan laguntzeko.

Lehiaketaren oinarriak honakoak dira: pintxotzat hartzen da mokadu baten edo bitan kontsumitu daitekeen elaborazio gastronomikoa; parte hartzaile bakoitzak pintxo bakarra egingo du, baina horren 100-120 pieza egin beharko ditu; pintxoak eginda egongo dira abenduaren 22an 10:00ak eta 11:00ak bitartean; pintxoaren jatorria anonimoa izango da, izenak ez du horren arrastorik emango.

Epaimahaia herritarrek osatuko dute. Horretarako interesa duten herritarrek izena eman beharko dute aurretik.

Baloratuko dira pintxoaren zaporea eta baita ere originaltasuna eta teknika.

Bost sari banatuko dira: lehen saria, 300 euro; bigarren saria, 150 euro; hirugarren saria, 80 euro; laugarren eta bosgarren sariak, bertako produktuen sortak.