Urtarrila bertsoz kargatuta dator Urkabustaizera. Datozen bi asteburuetan bi hitzordu izango ditugu, ederrak biak ere:

 

Lur gaztetxoak haserre ihes egin du gurasoenetik, bere etxea eraiki asmoz, bertan nahi duen guztia egin ahal izateko. Auzuneko orube batean Doro topatu du, munduko bazter guztiak ezagutzen dituen baina inon bizi ez den artista ibiltaria. Lau makila, kutxa parea eta maindire soil batekin euren ametsetako etxea eraiki dute eta etxearekin batera, adiskidetasuna.

Bertsoak, koplak eta beste hainbat baliabide tartekatzen dira obra dinamiko eta jostari honetan, hala nola, txotxongiloak, argi-itzalen jokoak, objektuen manipulazioa, koreografiak… Ekintza eszenikoaren bidez, aipaturiko gaien inguruko galderak planteatzen zaizkio publikoari, hausnarketarako bidea irekiz. Bost urtetik gorako umeen familiei eskainia.

Hartu zure sarrera, hemen

 

Bi urteko zikloa beteta, bueltan da Arabako Bertsolari Txapelketa, eta hain zuzen ere Urkabustaizen hasiko du bere ibilbidea. Urtarrilaren 28an egingo da kultur etxean final laurdenen faseko lehenengo saioa, eta martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian egingo den finalean amaituko den bideari ekingo dio horrela.

Sei bertsolari ariko dira kantuan: Aitor Ugarte, Danel Herrarte, Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Paula Amilburu eta Peru Abarrategi.

Olatz Santocildes arituko da gai-emaile.

Informazio gehiagorako eta sarrerak hartzeko, egin klik hemen