Joan den astean Espainiako Buletinean Araban egin nahi diren hainbat megaproiektu fotovoltaiko aurkeztu ziren. Gaur egungo trantsizio energetikoak duen izaera espekulatzailearen ondorioz sare elektrikoak duen saturazioari irtenbidea emateko energia hori Zierbanan, Bilboko portuan, deskargatu nahi dute. Horretarako, linea elektriko erraldoiek Gorbeialdea zeharkatuko dute eta horrek eragin handia izango du ingurumenean eta osasunean.
Astearte honetan, maiatzak 14, ‘Trantsizio energetiko korporatiboa Gorbeialdean’ hitzaldia egingo dute, honako galderei erantzuteko asmoz: “Zertan datza Gorbeialdean ezarri nahi duten proiektua?” eta “Zer egin dezakete herritarrek horren kontra?”. Hitzaldian parte hartuko dute Alvaro Camposek (Interkonexio Elektrikorik Ez!) eta Iñigo Lezak (Araba Bizirik).
Biek proiektu hauen inpaktuez hitz egingo dute eta ahaleginduko dira ezarritako proiektu honi erantzuteko herritarrek dituzten zalantzak argitzen.
Hitzordua maiatzaren 14an da, Zuiako Udaletxean, 19:00etan.
Kukuso Taldeak eta Mendietan Eolikorik Ez! taldeak antolatu dute.